Logotipo de Dantzagunea


Iker Arruek sorkuntza-egonaldi bat egingo du udazkenean Montrealen

Gipuzkoa eta Quebec elkarlanean ari dira dantza garaikidearen sorkuntzan hainbat erakunderen arteko kolaborazioari esker. Gauzatzen ari den elkarlan honetan , Iker Arrue eta Quebecetik etorritako John Gerena izan dira aukeratutako artistak. Quebec eta Gipuzkoako lankidetza hitzarmenak sormenaren garapena indartzea eta koreografoen ikuspegi artistikoa zabaltzea ditu xedetzat. Iker Arruek Quebec-en eta John Gerenak Gipuzkoan diseinatutako piezak ondorengo erakundeen arteko elkarlanaren ondorioa da: Quebeceko Ecole de Danse Contemporaine (EDCM), Conseil des arts et des Lettres (CALQ), Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, Gipuzkoako Foru Aldundiko dantza zerbitzua den Gipuzkoako Dantzagunea, Dantzaz konpainia eta Etxepare Euskal Institutua.

2018ko otsailean tokiko koreografoei zuzendutako deialdia bideratu zuten erakundeek. Jasotako proiektuen artean, eta proiektuan parte hartzen ari diren Quebeceko erakundeekin adostuta, Iker Arrue koreografoak TOC ikuskizuna prestatuko du Montrealgo EDCMn dantzari garaikide profesional izateko ikasketak amaitzen ari diren ikasleekin, eta 2018ko abenduan emango dute, hango Cru d`Autonme jaialdian. Guztira, bi hilabete egingo ditu Arruek Quebeceko hiriburuan, ordu erdi inguruko iraupena duen ikuskizuna prestatzen.

Proiektuaren alderantzizkotasuna dela eta, aurretik Quebecen egindako deialdi baten ondoren, 2018ko urtarriletik martxora John Gerena koreografoak El extraño lana prestatu zuen Tabakaleran eta Gipuzkoako Dantzagunean, Dantzaz konpainiako 12 dantzariekin. Lan horren emaitza Andoaingo Bastero Kulturgunean erakutsi zuten, eta udazkenean Dantzaz konpainiak egingo duen ikuskizun oso baten parte izango da.

Egonaldi-programaren helburu nagusiak ondorengoak dira: artisten garapen profesionala sustatzea, eta beren lana hedatzea; artistei kultur garapenerako tresna berriak ematea; Gipuzkoako eta beste kulturetako sortzaileen arteko elkartrukea sustatzea; Gipuzkoar artistak eta beren lana nazioartean sustatzea eta sormen eta produkzio artistikorako sareak garatzea.

Egonaldiak eta erakundeak

Egonaldi hauei esker nazioarteko beren lankidetza-sareak berritzen dituzte Dantzazek, Tabakalerak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Etxepare Euskal Institutuak. Dantzazen kasuan, akordio honek indartu egiten du bere Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroan babesten duen jarduera: urtero, atzerriko sei koreografok lan egiten dute, Europako dantza-etxe nagusietako batzuekin ezarrita dauzkan akordioei esker. Etxeak hauek dira: Korzo (Holanda), Piemonte dal Vivo, Aterballetto eta Scenario Pubblico (Italia), Danish Dance Theatre (Danimarka), CCN Malandain-Biarritz (Frantzia) eta DanceBase (Erresuma Batua).

Tabakalerak, bestalde, praktika artistikoei laguntzea sustatzen du, Sortzaileen Gunearen bitartez, sorrerako helburua izan baitzen kulturako artista edo eragileen profesionalizazioari laguntzea. Espazio horrek eskura jartzen ditu arte sorkuntzarako baliabideak (lagapen espazioak, talde teknikoak eta giza taldeak, eta egoitza-programa), eta, espazioa eta denbora ematen dizkie era askotako sortzaileei, aukera izan dezaten beren proposamenetan ikertzen eta esperimentatzen jarraitzeko. Ekimen horrekin Tabakalerak lortu nahi duena da beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea, koreografiari arte adierazpide gisa laguntzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, truke horretan, Dantzagunearen bitartez parte hartzen du, zeina baita Foru Aldundiak, dantza sorkuntzarako eta sustapenerako, Gipuzkoan duen zerbitzua, eta zeinean egiten baitu bere koreografia-lana Dantzaz Konpainiak, beste batzuekin batera. Dantzaguneak Errenterian du bere egoitza, herri horretako Udalaren laguntzari esker, Arteleku itxi zenetik, 2014an.

Era berean dantza garaikideko gipuzkoar sortzaileen lana nazioartean hedatzeko bidean, funtsezkoa da Etxepare Euskal Institutuaren ekarpena, hala tokiko koreografoen lanen dibulgazioan, nola sorkuntza-prozesuak zuzenean laguntzeari dagokionean.

E-posta Inprimatu
Asteazkena, 2018(e)ko apirila(r)en 25-(e)an 16:28etan
 
Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.