Logotipo de Dantzagunea


Dantza Hirian 2017: egitaraua

Dantza Hirian jaialdiak bere abenturarekin jarraitzen du Baiona-Donostia Euskal Eurohirian barrena, bertako plaza eta kaleak gaur egungo dantzaren agertoki bilakatuz. Jaialdi ibiltari honek arte mota hau ikertu eta gizarte-kohesiorako tresna gisa herritarrengana hurbiltzen du, mugak gainditzen dituen topagune eta eremu partekatu bat sortuz.

Dantza Hirian 2017: egitarau osoa

Irailaren 22tik 30era bitartean, 12. edizio honetan, Dantza Hirian jaialdia 8 herritan barrena ibiliko da. Programazioa era guztietako ikusleentzat pentsatua dago, eta gaur egungo dantzan gorantz datozen artista gazteen nahiz entzute handiko artisten azken joeren aldeko apustua egiten jarraitzen du. 13 konpainiek (horietatik 8 euskal koreografoenak dira) 18 eremu publiko beteko dituzte.

“Acieloabierto” Ezohiko Espazioetako Jaialdien Sarearekin elkarlanak eta sinergiek aurrera jarraitzen dute, eta zirkuitu horren bitartez aurtengo edizio honetan konpainia hauek aurkeztuko dizkigu: Elías Aguirre (Madril), Montón de Paja y Trigo (Bartzelona), Jaiotz Osa (Donostia), Proyecto Larrua (Gasteiz), Iker Karrera (Madril) eta Lucia Marote (Madril).

Jaialdiak artista egoiliarrentzat sortu duen eta hiri-espazioetan sorkuntza-lanak egiten laguntzen duen Aterpean programaren barruan, ondorengo lanak estreinatuko dira: Jesús Rubioren “Danzas del Sur de Europa” (Madril) eta Kanpai / Natalia de Miguel eta Jorge Jaureguiren “One Way Ticket” (Bilbo).

Gainera, Dantza Hirian jaialdiak Akitaniako nahiz Euskadiko konpainiak ezagutzera ematen laguntzen du IBILI programaren bitartez. Bertan ondoko parte-hartzaileak izango ditugu: Dantzaz (Errenteria), Eva Guerrero (Vitoria-Gasteiz), Jaoitz Osa (Donostia), Proyecto Larrua (Vitoria-Gasteiz), Iker Karrera (Hondarribia), Kanpai (Bilbao), Amaia Elizaran (Donostia) eta Ertza (Donostia).

Azpimarratzekoa da ATALAK 2.0rekin eratutako lankidetza berria; Dantzaz barruko ekimen hau Donostia Kulturak sustatu zuen 2013. urtean, eta 12 dantzari biltzen dituen ikerketarako gune bat eskaintzen die Euskadiko koreografoei zenbait egonaldiren bidez. Horrez gain, Donostia Kulturak, Tabakalerak, Dantzaguneak, CCN Malandain-Biarritz konpainiak, Azkuna Zentroak (Bilbo) eta Regards Croisés jaialdiak osatutako sare batean ezagutaraziko dira sortzen diren proiektuak. Dantza Hirian jaialdiak lehenengo aldiz bat egingo du aurtengo edizioan, eta lan hauek aurkeztuko ditu: Marta Coronadoren “Acorde bajo continuo” eta Vicky P. Mirandaren “El último aliento”. Ekimen horren bidez, egoitza Errenterian duen Dantzaz konpainiak Sorkuntza Koreografikorako Zentro baten aldeko apustua finkatu eta indartu egiten du.

Programazioa jarduera paraleloen bidez osatuko da: ikastetxeei zuzendutako programa, master classak eta tailerrak.

Europako kultura-panoraman entzute handikoa izateaz gain, dantza-jaialdi bat baino gehiago da Dantza Hirian. Gaur Egungo Dantzarentzako plataforma bat da Baiona-Donostia Eurohiriaren testuinguruan.

Informazioa: Dantza Hirian

E-posta Inprimatu
Ostirala, 2017(e)ko iraila(r)en 08-(e)an 11:36etan
 
Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.